Argumento de Sokratikoek Ere Badute Ama
Andoni Egañari ironia bertsogintzatik ezagutzen dionak izango du zer dastaturik liburu honetan. Karikatura, esperpentoa eta algara maisuki eraginez, egunerokotasunetik jasotako gaiak jorratuko ditu ipuin hauetan, hala nola, Gurutze Gorriaren eta Dyaren arteko lehia, Ertzaintzaren zeregin eta egin ezinak, bere burua fisionomista ontzat jo eta igitai batez sarraskiak egiten dabilenaren atzetik doanaren istoriokoa...Baina aipaturiko karikatura, esperpentoa eta algara ez dira bere horretan helburu, Egañak kasu guztietan egiten baitio tokia ironiari, gure eguneroko zenbait egoera salatuz, zilipurdika jarriz, ipurdi bistan utziz. Bada, ordea, besterik liburuan, Itzalak ipuinean ageri zaigun samurtasun dohain apartak erakusten digunez. Iraganak ihesi joan (kasu honetan itzal antzerkia) eta nobedadeak lotsagabeki nagusitzen direnean (zinematografoa), gizona beti gertatzen da impassean, aurrera egin ala atzera begira gelditu, zer egin ez dakiela. Eta ezinegon horri errebeldia nagusitu bazaio ere, Egañak esaten digu samurtasunez begiratzen dakienak bakarrik duela oroimena gordetzeko eskubidea.0