Argumento de Note Book
Ryszard Kapuscinskik kontatzen du New Yorkeko liburudenda batean bere liburuak zazpi sail ezberdinetan barreiaturik aurkitu zituela. Asko poztu zen, bere idazkera ezin zutelako sailkatu. Horixe bilatzen dut nik: idazteko manera berri bat, esango zuen. Pako Aristiren liburuak ez daude New Yorken, baina guregan antzeko zirrara sortzen dute, eta sailkaezinak dira. Kazetaritza? Fikzioa? Saiakera? Kronika? Poesia? Idazteko era berri bat, dudarik gabe. Liburu ezberdin bat beti. Oraingoan idazlea aldendu bezala egin da, ermita?o baten modura, eguneroko traba horien gainetik hobeto ikusteko gure bizimoduaren antzerkia, eta gure existentzian eman ditugun pausoak aztertzeko. Bizitza ertzetik ikusten duela dirudi, baina bere gogoeta distiratsuen bitartez gure munduaren gune-gunean kokatzen da, eta hor kokatzen ditu irakurleak ere. Erregimen ekonomiko hiltzaile baten erdian horren lasai bizi garela ikusirik, idazlea harrituta eta izututa ageri da. Halere, ez du sentiberatasuna inoiz galtzen. Honelakoa da liburu hau, gogorra eta samurra era berean. Gogorra ez balitz, ez litzateke gure munduaren ispilu izango; baina samurra ez balitz, ez luke irakurtzerik mereziko. Argi, irakurle: erraz irakurriko duzun liburua da hau, baina nekez ahaztuko duzuna.1