Javier Rojo, El Corre 2000ko martxoaren 8a, Inozentziaren galera Care Santos idazle kataluniarraren Kurt Cobainen heriotza eleberriaren itzulpena agertu da euskaraz. Irakurle gazteak (hamalau urtez gorakoak) gogoan idatzitako nobela dugu hau. Eleberri honetan funtsean neska baten inozentziaren galera kontatzen da. Neska nerabe batek gertaera zirraragarria pairatuko du, aireportuan Estatu Batuetatik etorri behar den lagunaren zain dagoen bitartean hegazkinak istripua izan duela jakitean. Beldurra, informazio zehatzik ez izatea, ezinegona... hauek guztiak jasango ditu egoera argitzen den bitartean eta, honen bidez, heldua izateko bidean jarriko. Izan ere, ordura arte ezagutu duen mundua gain behera erori zaiola pentsatuko du eta bakarrik egin beharko dio aurre etorri zaion guztiari. Eta eleberriaren bukaeran gauzek nolabait berriro oreka hartzen badute ere, horrez gero dena desberdina izango da berarentzat. Istorioa gazteei erakargarriago egiteko asmoz edo, hemengo neska-mutilak telesail amerikarretan agertzen direnak bezalakoak (edo, eredu hurbilagoak bilatuz, hauen kloniko espainiarrak bezalakoak) dirudite askotan. Merezimendu asko dituen liburu honetan hauxe izan da, nire ustez, punturik desegokiena, neurri handi batean istorioari sinesgarritasuna kentzen baitio.
Deia, 2000ko otsailaren 11aGazteentzako itzulpen ulerterraza Desclée de Brouwer argitaletxeak liburu sorta ederra atera zuen pasa den urtean, udazken aldera. "Kurt Cobainen heriotza" dugu horietako bat; Care Santosek idatzia eta Alex aldekoa-Otalorak itzulia. "Juan oso mutil alegera zen. Giroa piska bat berotzeko nire gai faboritoa atera nuen eta musikaz hizketan hasi ginen. Sinestezina: ez zuen Nirvana ezagutzen, ezta entzun ere. Ez zekien non ziren Guns´n Roses, ez Smashing Pumpkins, ez Cranberries... Nola irits daiteke inor nagusia izatera Nirvana sekula entzun gabe edo Gunsekin aluzinatu gabe?".