Javier Rojo, el Correo 1998ko azaroaren 4a Josep Gorriz idazle kataluniarrak gazteentzako zientzia fikziozko eleberri laburra idatzi du liburuxka honetan. Zientzia fikzio generoa endekatutako generotzat hartzen da askotan: abentura hutsak, denbora pasarako ihesbide erraza, kontsumoko literatura... honelaxe definitzen da maiz genero hau. Baina ezin dugu ahaztu genero honek eman dituen obrarik hoberenek beste ezaugarri bat badutela: obra hauek gure errealitatetik urrundu eta errealitatean agertzen diren joerak muturreraino eraman nahi dituzte, horrela, perspektibarekin, hobeto ulertzeko gure ingurua. Bide honetatik doa Josep Gorrizen nobela. Makinek kontrolatutako balizko mundua erakusten digu, giza-harreman arruntetarako ere makinak beharrezkoak diren mundua garbi eta ordenatua. Eta honi, denboran zeharreko bidaia baten bidez,Erdi aroa kontrajartzen zaio. Egia da kontrajarpen hau batzuetan eskematikoegia dela, argumentua ez baita asko garatzen. Egia da, baita ere, asmo onez beteriko ideiak plazaratzen direla, helburu literarioen gainetik, helburu pedagokikoak nabarmenduz. Baina zientzia-fikzioa gorrotatzen ez dutenek gustura irakurriko dutela uste dut