Argumento de Nola Bizi Zazpi Bizi
Mundu guztiak, haur, gazte eta adineko, irakur dezaketen liburu honetan katuen familia baten gora-beherak kontatzen ditu Yolanda Arrietak. Katuak, har eta eme, munduan bizi dira, hobe esanda, mundura ekarri dituzte, gizon-emakumeen artera. Poliki-poliki aurrera aterako dira, inguruko arriskuetatik libratzen eta abantailetatik probetxu ateratzen ikasiz. Halaxe egiten dugu gizkaiok ere! Horrelako heziketa ilustratzeko zer hobea bidaia bat baino? Bizitza ez al da akaso bidaia bat, abiapuntua finkoa eta amaiera gertakizun duena? Katuek bidaiatzeari ekingo diote, leku babesen baten bila, eta bidaia, noski, iniziatikoa eta sinbolikoa izango da neurri batean: labur eta motz esanda, katualdien eredugarri. Handitzen diren neurrian hamar aginduak sartuko zaizkie buruan eta ez dituzte sekula santan ahaztuko. Dekalogo moduan dago antolatuta liburua. Kapitulu bakoitzak katuen dekalogoko arau baten aipamena dakar izenburu gisa, eta kontatzen den istorioak aginduak betetzeko direla erakutsiko dio irakurleari, eta bizitza gurpil bat dela, non batzuk joan eta beste batzuk etorri egiten diren. Hori ere gogoan hartuko dute katu-katutxoek. Irakasle onak baitituzte: bizitza bera, batetik; gurasoek eta helduek, bestetik. Katu bat da istorioaren kontalari. Berak aurkeztuko digu bere familia, bere ingurua, bere nondik-norakoak, bere sentipenak eta beste. Lehen pertsonan dago idatzita, horrek arazoak sortzen dituen arren (nola adierazi gizakien bizimodua katu baizik ez denak?), indar handia ematen dio narrazioari. Horretaz, katuak ohitu beharko du ingurura, bere begiez eta senaz bereiztu beharko ditu etsaiak lagunetatik, egin egin beharko da mundura. Gizakien hizkuntza ikasi beharko du, zer zer eta nor nor den jakiteko. Estiloa xumea da. Begien aurrean dagoenari erreparatzen diola erakusten digu idazleak. Balore batzuk azpimarratuko ditu idazleak katuen istorio honetan: adiskidetasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa, askatasuna?. Elkarrizketak adierazgarriak dira: laburrak derrigor. Liburu gustagarria da. Azken finean, katuen bizitza argigarria izan dakiguke guri ere, hemengo mundualdiak eredu antzekoak ezartzen baitizkigu, bai guri, bi hankako animalioi; bai lau hankakoei ere.0