Izenburuak berak adierazten digun bezala, sonetoek osatzen dute liburu hau: olerki-molderik klasikoena, klasikorik bada. Errimaren zehatza eta erritmoaren musikalitatea aipa litezke, baina horiek jakineko dohainak dira idazle honengan. Irigoienek, bestalde, Oihenart eta Orixek erabili ohi zuten metrika darabil: 12 silaba lerro bakoitzean, 6+6, tartean etentxoa eginda. Gaietan, berriz, bost parte ditu liburuak, bizitzaren beste hainbat alderdiri eskainiak, zati bakoitzak nolabaiteko batasun tematikoa baitu bere baitan.