Oinez etxerantz nindoala, jaiotetxe aurretik pasatu nintzenean, uste baino beranduago zela konturatu nintzen, eta uste baino nekatuago nengoela ere bai. Eguneko neke guztiak batera pilatu zitzaizkidan. Ohea amets nuela, eta goizaldeko isiltasuna lagun, sinetsi ezinezko ikuskizuna gertatu zitzaidan bidean.
Galeper koxkortu bat ari zen errepidea gurutzatzen, atzetik dozena erdi bat galeper kume zituela. Ez zuten soinurik egiten, ez berezko poxpolin, poxpolin kanturik abesten, ezta beldurrezko txio txikienik ere ateratzen. Isiltasun osoan, errenkada hautsi gabe, marra zuzenean bidea gurutzatu eta bide alboko ate zahar baten barren urratutik sartu ziren paretaz harantzagoko baratze batera.