Ararat mendiaren sumina liburuan gaztelaniatik eta italieratik itzulia bere obra guztian agertzen diren ezaugarri gehienak biltzen dira. Nabarmena da zer iturritatik edan duen Kemalek: Homerorengandik hasi eta Mila gau eta bat gehiagorekin jarrai, eta, nola ez, koblakari kurdu eta turkiarrek gordetako tradizio ahozkoa. Ekialde Hurbileko ahozko tradizioak bildu ditu bere liburuetan, herriaren esperantzak eta miseriak.
Tradizioaren zaporea duten testuak eratzen ditu, eta erdibidean dago Indiako epikotasun klasikoaren eta bidelapur zintzoei buruzko narrazio erromantikoen artean. Bere narrazioak emozioz, sentimenduz eta grinaz beterik egoten dira. Bizi-bizirik daude, elkarren kontrako lehian batzuetan, bizitzaren sentimendu eta errealitate funtsezkoenak: maitasuna, eginbeharra, heriotza, elkartasuna, duintasuna, ohorea. Kemalek hats mitikoko historia bat eskaintzen dio irakurleari, prosa aberats eta oparoaren bidez, Homero berri bat balitz bezala. Arreta berezia eskaintzen die beti herri hizkerari, eta ohiturei. Lirikotasun paregabea eransten dio Kemalek bere lanari, paisaien eta urtaroen deskripzioan batik bat. Berebiziko erraztasuna du paisaien deskripzio poetikoan. Kemalentzat naturak berebiziko indarra du, eta gizakia, zorionez, haren menpeko da gehienetan, eta ez alderantziz. Kemalentzat natura dena da, argi mota bat ia. Honela dio berak: Beti argiaren eta alaitasunaren kantaria izatea izan da nire xedea. Beti nahi izan dut nire liburuen irakurleak maitasunez beteriko gizon-emakumeak izatea: beste gizon-emakumeentzat, otsoentzat eta koleoptoeroentzat, natura osoarentzat. Eta sinetsia nago nire lurrean bizirik dauden gizon-emakumeen kultura paregabeek berriz berdatuko dutela paisaia kultural emankorra. Kemalen hitzei, bestetik, giza duintasunaren zentzua eta balorazioa darizkie, eta hori hitz merkerik erabili gabe. Narratiba sozialaren etiketaren muga estuetan erori gabe, agerikoa da pobreen aldeko hautua. Kemalek modu poetikoan defendatzen du beren lurraren izenean borrokatzen diren behartsuen kausa, eta herri kurduaren kontrako gosea, indarkeria eta zapalkuntza salatu ditu. Literatura ere baliatu du herri kurduaren defentsan.