Kontakizunaren osagai nagusia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana. Are gehiago, haurtzaro zehatz horren gauza asko ez ditut kontatu nahi eta ez ditut kontatuko. Beste batzuk, berriz, ahaztu egin zaizkit, garbitu egin ditu memoriak burmuinaren bazterretatik. Azken batean, gauzak geure modura oroitzen ditugu, norberaren burmuinaren gutizien arabera.
Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan.