Fikzio hutsa izan arren, Zinegotziak neurria hartu nahi dio errealitateari, ahalik eta gehien gerturatuz aktualitate deitzen dugun horretara.
Lursail antzua jo izan da aktualitatea literaturarako, eta baliteke horregatik hain gutxi jorratu izana gurean. Zinegotziak ausardiaz apurtzen du tabu hori, orain eta hemen bizitzen ari garen garai berri eta nahasietan beldurrik gabe barneratuz.
Egun bakarrean gertatzen da kontakizuna, drama klasikoetan bezala, hiru ataletan banatua.
2013ko ekainaren 6an kokatu du eleberria idazleak, eta egun berean aurkeztu da publikoki.
Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean.
Fermin Etxegoienen Zinegotzia eleberria arestiko esaldiarekin abiatzen da. Eutsiko al dio hordagoari idazleak?