Argumento de Zelebrezko Tropa
Festa egiteko aitzakia gutxi behar zuten donostiar haiek betetzen dituzte liburu honetako orriak, beste hamaika pertsonaia xelebrerekin batera. Historia ofizialetan nekez agertuko liratekeen herritar xumeak datozkigu bisitan xumeak baina kastakoak, beren anekdota, pasadizo, gertaera eta abarrekin. Denak oso ezagunak izan ziren Donostia zaharrean, esaterako, Periko Bixar edo Etxekalte, bi aipatzearren, eta bakan batzuek lortu zuten, gainera, San Tomas eguneko parnaso txikian toki bat, Ixkiña lehorreko toreatzailea kasu, ondo merezia. Gehienak festa girokoak badira ere, bakarren batzuk badira benetan errukigarriak, hala nola, Xomorrostro gizajoa edo Robinson eremutarra. Batzuen eta besteen bitartez, orain ehun urte eta gehiagoko Donostiako kalean zen giroa geureganatu dezakegu, ia usaina eta guzti, garai hartako lekukotza bikaina ematen baitigute.1