Txorienerako errezeta bat prestatzeko garaian, lehenengo gonbidatuarekin hitz egiten dut ea zer duen gustuko galdetzeko, ea zer probatu nahi duen esateko edota beraren ogibidearekin lotura duen errezetaren bat aukeratzeko. Tamalez, ezin izan ditut gure etxetik pasatu diren gonbidatu guztien errezetak sartu, horretarako etxez etxe garai batean saltzen ziren tomo horietako bat beharko nuke, beraz, barkamena eskatzea gelditzen zait bertan ez zaudetenoi, eta lasai, urte askorako dugu Txoriene, eta espero dut hau ez izatea gure liburu bakarra.
Bukatzeko, antzinako errezeta liburuetan bezala, errezetak urtaroka sailkatuak doaz, lan egiteko modu hau nire aitari kopiatu diot, berak horrela egin zuen beste errezeta liburu handi batean, La Cocina Vasca en Bizkaia.