Ez du soberako hitzik. Ez dizu emango deskribapen xeherik, argumentu aberatsik, pertsonaien nortasun konplexurik. Motzera jotzen du beti egileak, mamira, muinera; horregatik bihurtu da Karlos Linazasoro genero laburraren egile goren, zorrotz eta emankorrena. Umorearen gama zabala, ironiatik absurdora; gogoeta ustekabekoak, noiz kitzikagarri, noiz sakon pentsatzekoak; mundua hankaz gora jartzen duten burutazioak, zoroak nahiz zuhurrak; sentsibilitate minbera baten aitorpen lotsatiak eta ziri lotsagabeak? Horiek guztiak topatuko ditu irakurleak liburu hirukoitz honetan, laburrean beti luze eta oparo.