anu Lopez Gaseni, Deia 2002ko martxoaren 8a "Sator Jator Jauna" da seve Calleja idazle bilbotar oparoak iazkoan argitaratutako liburuetako bat. Aspaldiko ohiturari jarraituz, Seve Callejak gaztelania aukeratua du sorkuntza tresna linguistiko gisa, nahiz eta gehienetan euskeraz argitaratu duen gaztelaniaz baino lehenago. Aspaldiko beste ohitura horietako bat Xabier Monasteriorekin lankidetzan argitaratzea izan da: gogoratu Dado iratxoa (Lizardi saria, 1985), Lontxo pertsonaiaren inguruko trilogia maitagarria (Bazen behin marinel bat, Hain da triste la vie du touriste eta Beheko eskola, goiko eskola), eta beste batzuk.
Izan ere, Sator Jator Jauna ez da liburu berria, hamar urte lehenago Mensajero argitaletxean argitaratu baitzen, eta hori nabaritu egiten da gaurkotu gabeko zenbait kontutan (eta zaratatxo horiek saihesteko nahikoa zen liburua zuzentzaile ortografikotik pasaraztea).
Edukiari dagokionez, Sator Jator Jauna ume txikientzako liburua da, kontrazalean adierazten dena baino txikiagoentzat, esango nuke nik, oso erraz irakurtzen dena, eta hoskidetasun erakargarriaz betea. Zenbait animaliatxo Sator Jator Jaunaren urtebetetze jaira doaz, Sator Jaunaren loba Saturtxo Satortxoak gonbidaturik. Bidean doazela, gero eta animalia gehiago biltzen dira ospakizunera.
Liburua XX. mende hasierako haur literaturako tradizio ingelesarekin lotzen da (nahiz eta aurrekariak askoz lehenagokoak izan). Hor ditugu, alde batetik, Beatrix Potter-en animalia-liburuak eta, bestetik eta batez ere, Kenneth Grahame-ren "The Wind in the Willws" (1908) famatua: hor aurkitzen ditugu, Sator Jator Jauna liburuan bezala, satorra, apoa, muxarra, eta abar.
Ezin jakin, ordea, orduko jakintza zoologikoa eta gaur egunekoa parekoak ote diren (ezezkoan nago), eta aipatuak eta satitsua, katagorria, kirikiñoa, muskerra eta beste gaurko umeek erraz identifikatzen ote dituzten, ala marrazkien aldetik laguntza gehiago beharko ote luketen. Edonola ere, diogun bezala, oso istorio laño eta amoltsua da.
Monasterioren moldaketari dagokionez, eta gaztelaniazko bertsioa ezagutu gabe ("¿Feliz cumpleaños, don Topón!"), badirudi egokitzapen-lanik handiena izenen hoskidetasunaren gainean egindakoa dela: Sagu Magua, Satitsu Zorritsua, Katalin Katagorria, Sabiño Kirikiñoa, Salbatore Kastorea, Erruper Muskerra, Enriketa Tximeleta, eta abar. Hoskidetasuna diogu, zeren eta gaztelaniaz errima datekeena, euskaraz eufonian geratzen baita aglutinazioaren eraginez. Erakargarria oso, hala ere.