Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Hala ere, zalapartarik gabe aipatzen dira, espanturik gabe.
Bidaia iniziatiko baten narrazioa ere bada Proleterka, itsasontzian doan neskaren lehen sexu-esperientziak azalduko dizkiguna, ontzi zarpail samar bateko kamaroteko giro itogarrian eta modu bortitz samarrean gauzatuak.
Eros eta Thanatos, beraz: eroen ontzia bere nora ezean daramaten bi arraunak. Horretara murrizten du emakume narratzaileak bizitza. Ez dago aitaren bilaketarik, ez aita hil beharrik: bizia berez doa, eroen itsasontzia bailitzan, portu batetik bestera, geldialdi laburrak eginez han eta hemen, azken portura iritsi arte.