Nola izualdi bat deskribatu, haren igurtzia sentitu izan gabe?
Hiriko espazioetako hersturaren berri ez dakienak ezin du argi gorriaren aurrean emaniko segundoetako izuaren tamaina neurtu. Igogailuan edo hegazkinean itxirik egotearen herstura bizi ez duen batek, nekez hauteman lezake izualdi horren munta handia. Hertsatu egiten zaizu zintzurra, blokeatu arnasa, gero eta irmoagoa da itolarria, eta horrez gainera, lautan zatitzen sentitzen duzu zeure izakia, ez zara dagoeneko haren jabe, bertan hilko zarelakoan.