Halakoa ote dugu euskal identitatea? Euskal zera lantzean behin identitate mailara iristen bada ere, gehienetan arauzko identitate nagusiaren baitan egokitutako diferentzia izatera mugatzen da. Ez beti, ostera. Sarritan identitate orokorra arrailtzen duen anomalia gisa jarduten du eta. Eta hor du bizi-kemena, hor du zentzu bizigarriena. Izan ere, euskal identitatea ere kode bat da, sentiera bat; edo hobeto esan, hainbat kode, hainbat sentiera, beti euskal horren inguruko gatazka eta antagonismoan, zein nagusituko borrokan. Antagonismoak biziarazi eta mamitu du euskal zera. Batez ere, identitate nagusiari oldartzen zaizkion praktika anomaloek sortutako zeinu eta zentzuen bidez.
Zein nolako ahalmena izan dezakete gaur-gaurkoan praktika anomaloek zeinuak eta zentzuak sortzeko? Nola izan eta nola sortu oraingo zentzu-logiketan? Zer behar dute, garai hipermoderno hauetan, bizigarri eta beregain izaten jarraitzeko? Hori bera da, hortaz, entsegu honen nahia: paradigma sozial hipermodernoan euskal identitatearen bizitasuna eta, oso bereziki, bizi-indarraren baldintzak zein diren galdetzea eta aztertzea.