Sa Kene, Osman eta Xihab lagunek badakite ihesi joan dela, poliziaren hankapean egoteaz eta irainak jasateaz nazkaturik. Burkinafasoarrak Nafarroako Pirinioetan ezkutatzea erabaki du, herri galdu batean; Adama aspaldiko adiskidea du han zain. Elkarrekin zeharkatu zuten itsasoa pateran, eta beraiek izan ziren itsasaldi hartatik bizirik iritsi ziren bakarrak.
Tourek beste lanbide bat du orain bere curriculum bereziari eransteko: ardiak zaintzen ditu. Bizimodu lasaia, ez du besterik nahi, baina edonora joaten dela ere, ezin dio bere patuari ihes egin. Gure detektibe-igarleak hainbat gorabehera biziko ditu, eta hiltzeko zorian ere egongo da, gogoz kontra nahasirik suertatu den kasu bat argitzeko zereginean.
Eleberri honen protagonistak bere arazoetatik ihes egin eta bakea bilatzen du beste leku batean, baina horrek ez dio migratzaile gisa aurrez aurre topatzen dituen zailtasunak konpontzen lagunduko. Horixe deskribatzen du Arretxek eleberri beltz honetan, testu soil baina, aldi berean, umorez zipriztindutako rural noir honetan.