Argumento de Euskararen Ostarteak
Euskararen Ostarteak, izenburuak berak adierazten duenez, gure hizkuntzaren argi eta ilunaldiak ditu saioaren oinarri. Hiru atalek osatzen dute liburua. Lehen parteko Aitzin solasa egileak berak gaztarotik bizi izan zituen kezketan oinarritzen da, hasi bere zalantzetatik eta euskaltzale bihurtu arte. Bigarren atalean, euskararen berri onak eta txarrak aztertzeko, euskara idatziaren Antzinateko lehen berriak adierazi ondotik, Erdi Aroko lekukotasunak ekartzen ditu, alde eta aurka erabili ziren agiriak aurkeztuz. Gero historia hurbilagokoez baliatzen da, beti agiriak lekuko. XV. mendetik Berpizkunderantza sartzean, hain unibertsala genuen latinaren kontra zein eskualde askotako hizkuntza naturalen baztertzeaz Estatuek hartu zuten jarrera edo jokabide okerraz ari da, une berean Estatuak elkarren aurka aritzen zirelarik. Trentoko Kontzilioak, aldiz, San Pauloren esaldiari jarraituz, Kristoren mezua herriei hurbiltzeko beraien hizkuntzaz baliatzea eskatzen zuen, eta hortik jartzen du Eliza hizkuntza urrituen lagungarri. Baina egileak izugarria deritzo Estatuek eskoletan ofizialtzat hizkuntza bakarra bultzatzearen ondorioari, giza eskubideen gainetik edo horiek zapalduz, hizkuntza urrituak baztertzeko sortzen dituzten zigorren arabera. XVIII. mendetik maisu eta predikari guti batzuk hasi ziren, hizkuntza nagusiak ukatu gabe, baztertuen alde, elebitasunean oreka egokia lortzeko aukerako metodoak proposatuz. Eta azkenik, Europak, bere berezkotasuna izateaz gainera, barnetikako bakearen alde azaltzen duen orokortasun horren beharra dela-eta, kritika latzak agertzen ditu euskararik ez dakiten abertzale izeneko askoren kontra, sortzen duten hizkuntz borrokak dakarren egoera larria salatuz. Hirugarren atala, berriz, 1969an argitaraturiko Euskararen Inguruan izenekoaren osakuntza da.0