Euskara eta Sardinia hitzak elkarren ondoan ikusteak harridura sortuko dio bati baino gehiagori. Euskara eta paleosardiniera (erromatarrek isla konkistatu baino lehen Sardinian egiten zen hizkuntza) senide hurbilak izan daitezkeela da liburu honetan jorratzen den hipotesia. Ez da kontu berria. Vittorio Bertoldi hizkuntzalariak hainbat bat-etortze ikusi zituen duela ia ehun urte euskararen eta islako erromantzearen artean. Gerora hainbat izan dira gai honetan begiak jarri dituzten ikerleak. Dena dela, hil berria zaigun Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak ekarri zuen iraultza: urtetako ikerketen ondorioz, toponimiari garrantzi handia emanda, oinarri sendoak jarri zizkion aipaturiko hipotesiari.
Liburu honetan sakondu eta zabaldu egiten da bide hori. Lehen parteak testuinguruan kokatu nahi du irakurlea. Bigarrenak, gorosti/golosti bezalako kointzidentzia lexikalak aztertu ondoren, toponimiari begiratzen dio, eta ia bost mila sarrerako korpus batean oinarrituta, islako geografian aurkitzen diren leku-izenak aztertzen ditu, etimologiari, dentsitateari eta abarri erreparatuz, harri eta zur utziko gaituzten mapez eta argazkiz lagunduta.