Munduan 6.000 hizkuntza inguru daudela diote adituek, eta gehienak betiko galduko direla mende hau amaitu baino lehen. Biodibertsitatea denok goratzen dugun garaian, gizadiaren kultur aniztasunari historia osoan egin zaion sarraskirik gordinena ari gara geure begien aurrean ikusten, boterearen axolagabezia osoaz, edo haren konplizitate ezinbestekoaz. Giza eskubideek gizon-emakume guztion berdintasun eta duintasuna aldarrikatzen badute ere, jatorrizko hiztun-herriak arroztuz doaz etengabe, eta prozesu hori ez da kasualitate hutsa, legearen zaindari diren estatuak eurak baitira etnozidio sistematiko honen arduradunak. Kontinente guztietako adibideak eta ehunka egileren aipuak bilduz, liburu jantzi eta aldi berean borrokalari honek xeheki aztertzen du estatu zanpatzaileek beren kultura eta hizkuntza nola inposatzen duten, horrek gizakiengan nahiz komunitateetan ze ondorio dituen, eta hizkuntza menperatuak biziberritzeko zer-nolako aukerak dauden.