Aldian behin, ordea, bulego horretako mutil gaztea, harrizko petrileko atso hori, autobuseko asentuan doan etxekoandrea, bat-batean, tupustean, beraren minera etortzen da, barruko zauria zabaldu egiten zaio: orduan, min horrek eraginda, boz bat askatzen du isiltasuna urratuz. Urratuz, bai, ezen boz horiek arrakalak dira, eten bat ohiko elekan. Eta boz horiek, ukabil itxi airera bihurtuaren eran harro, xuxurla isilean edo ahora jaio gabe bular barruan itoa izan, gauza bera bilatzen dute: jasoak izatea, entzunak izatea, justizia baten aitorpena, kontsolamena, errukia.
Gazte hori, atso hori, etxekoandre hori? gu denok gara, eta haien bozak aditzean jabetzen gara geure burua ari garela aditzen, guri ere badagozkigula.