Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Bost truke. Bazter horietako gertakari txikien marrazki-sorta moduko bat da: hizkuntza-komunitate gutxituekiko harremanak, kooperazio linguistikoaren pausuak, Boliviako gobernuaren inguruko konturen bat, Serbiako ezker sindikatuen jardunaldikoak.. Jasokinak ibilbidean jasota geratutako puskak dira, egoerak, ekintzen apunteak eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak. Tarteka, kitxuak, aimarak, nasak, kurduak edo eslaviarrak munduaren ertzetako ondoezei buruz ari dira testuotan. Eta, oharkabean, euskararen herriaz ere bai.