Ondar artean, belar edo ur izpirik gabe, berdamenaren gozotasunik gabe, behiak sufritu egingo du, eta maiz, eguzkiak ankerki jotzen dionean-eta, atzera egin eta ikuiluratzeko gogoz erotuko da. Baina benetakoa izan nahi duen behi horrek, eta ez behi ustel edo makal, ez dio etsipenari amore emango; aurrera jarraituko du desertua zeharkatu eta mendi hezeak, baso itzaltsuak, begietan har ditzan arte. Orduan, poetaren esanak gogoratuz, halaxe deklaratuko du: Cela s´est passé, pasa da guztia, atera naiz infernutik, begi eta bihotz berriekin ikusten dut orain mundua.