Bidaia batean bezala, eguzki bera dugu lagun eta bidaide; ilargi eta izar berberak. Ber haizeak dabiltza ordokietan gaindi, euri xehe edota erauntsi berberak goian-behean. Ibai eta erreka guztiak bat dira, eta den-denek itsaso berean isurtzen dute ura.
Izakiak oro sortze edo jaiotzarekin hasten dira, eta orobat finitzen, goiz edo berant, hiltzearekin. Ezdeusetik gatoz eta Ahantzerrirantz abiatzen gara fite, baitezpada, geriza bila. Lagun onen gisara, aterperik sekula ukatuko ez digun Ahantzerrirantz.